2013(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

EUSKAL HERRIAN, EUSKARAZ; ETA ESKOZIAN?


Eskozian gertatzen den oro arretaz jarraitzen dugu azken aldian, datorren urtean izango duten erreferenduma dela-eta. Duela gutxi ezarri dute galdeketarako data, eta euskaldunontzat bereziki esanguratsua izan daiteke emaitza, gurean ekar litzakeen ondorioengatik.

Jakina da estatu propioa duen hizkuntzak bizirauteko aukera handiagoak izango dituela. Joshua Fishmanek berak, Reversing Language Shift (1991) liburu ospetsuan proposatzen duen belaunez belauneko ezlokatze mailan, hizkuntza gutxitu baten egoera posiblerik onena deskribatzen duen mailak ohar bat dakar amaieran: independentzia politikoak ematen duen segurtasun handiagorik izan gabe.

Historiak adibide kontrajarriak utzi dizkigu. Irlandak ez du lortu, 1921ean independentzia eskuratu zuenetik, irlandera edo Irlandako gaelikoa nahi adina biziberritzerik. Israelek, ostera, 60 urtetan lortu du hebreera hizkuntza hila izatetik populazioaren %95en hizkuntza izatera pasatzea.

Eskoziako hizkuntza-egoera konplexua da oso. Ingelesa, eskoziera eta gaelikoa hitz egiten dira. Ingelesa biztanle gehien-gehienek menperatzen dute, eta bertako hizkuntza nagusia da, zalantzarik gabe. Eskoziera (Scots, ingelesez) ingelesetik oso gertu dagoen hizkuntza da, eta milioi eta erdi lagunek darabilte. Hizkuntza eta dialektoaren arteko muga labainkorra dela-medio, asko dira eskoziera ingelesaren dialektotzat dutenak. Gaelikoaren egoera da larriena, Eskoziako hizkuntza nagusi izatetik 60.000 hiztun eskas izatera pasa baita azken mendeotan. Motibo nabarmenagoak daudela argi dagoen arren, aditu askok egin duten irakurketaren arabera, ez du batere laguntzen nazioaren eta hizkuntzaren izena ezberdina izateak. Alegia, irlandar batek harro esan dezakeela “irlandarra naizenez, irlanderaz hitz egiten dut”. Eskoziako gaeliko hiztunak nekez formula dezake halakorik.
Gure inguruan adibide argiak ditugu. Amurizak idatzi eta Oskorrik abestutako Euskal Herrian Euskarazkantaren bukaera, kasu: “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena”. Medemen La Pelota Vascan agertzen den film bateko eszena batean (0:25:40) espainiar hiztunek harrotasun berbera adieraz dezaketela ikus daiteke. Irakasleak ikasleei:

-Ésta es una escuela española, aquí sólo se habla español; el vasco está prohibido, ¡porque vosotros sois españoles!

Ñabardura bat besterik izan ez daitekeen arren, nolabaiteko zentzua ematen dio lurraldearen eta hizkuntzaren arteko loturari. Benetan izan al dezake halako garrantziarik? Beste behin Irlandako eta Israelgo adibideak ekar ditzakegu gogora, eta erabat desegingo litzateke ideia hau. Gaeliko hiztunek argi dutena zera da, erreferendumean baiezkoa aterata ere, euren hizkuntzaren egoerak ez lukeela gehiegi egingo hobera.

3 iruzkin:

  1. Paraguain biztanlegoaren gehiengoak erabiltzen du guarania, nahiz eta guarani eta paraguaiar ezin diren zuk emandako adibideetan bezala lotu. Guaraniaren berezitasun bat hizkuntza kolonizatzaileari, gaztelaniari, gailendu zaiola da. Izan ere, herri indigenek ezezik, biztanlego mestizoek ere hitz egiten dute. Are gehiago, herri guaranien hizkuntza estatu osora zabaldu da. Pozten nau guzti honek, baina ulertzen zaila egiten da, herri indigenek jasan behar izan dutena jasanda eta gaztelaniak oraindik ere duen estatusarekin... Bukatzeko, Paraguaiko Chacoan guarania edo gaztelaniarekin zerikusirik ez duten beste 12 hizkuntza familia daude. Artikulu ederra zurea.

    ErantzunEzabatu
  2. Nire burua entzun dut izenburuko galdera erantzuten: "Euskal Herrian euskaraz, eta Eskozian, eskozieraz!" eta momentuan zuzendu dut, "ez ez, gaelikoz!". Interesgarria izan da konturatzea nire bat-bateko erantzun hori bera izan dela zure artikuluaren ildoa.

    Gehitu nahiko nuke herrialde desberdinetan egoera politiko-sozio-ekonomiko desberdinak bizi direla eta horrek eragina duela hizkuntzaren egoeran baita ere. Alegia, zergatik gailendu den guarania Paraguain, jatorrizko herriek jasaten dutena jasanda ere (Aitorrek zioen bezala), eta Irlandan nazio hizkuntzak ez duen lortzen biziberritzerik.

    Hizkuntza botere tresna bezala hartzen badugu, gobernuan edo botere desberdinetan daudenen tresna ikaragarri indartsua eta baliotsua da; egunerokoan ikusten dugu gurean eta beste herri askotan ere. Isralego kasua aipatu duzu. Hebreera ez da gobernuaren hizkuntza soilik, baita erlijioarena ere. Badakigu zelako garrantzia duen judaismoak bertan, nazio izaera ematen dietelako bertakoei (beste mila istorioen artean). Erlijioa jarraitzeko eta, beraz, taldearen parte izateko modua hebreera jakitea da.

    Asko gustatu zait artikulua eta, gehienbat, pentsarazten duena :)

    Animo!

    ErantzunEzabatu
  3. Eskerrik asko bioi! Asko irabazi du artikuluak zuen iruzkinekin :)

    Zalantzarik gabe, beste hamaika faktore daude hizkuntzen biziraupen/biziberritzean eragiten dutenak, eta hasiera batean hain garrantzitsua ez dirudien baina balio sinboliko indartsua izan dezakeen hori aipatu nahi nuen. Guaraniaren eta hebreeraren kasuak erabakigarria behintzat ez dela iradokitzen digute.

    Aitor, zuk hobeto jakingo duzu, baina guarania espainolari nola gailendu zaion miragarria da. Egia esan ez dakit zergatik eman den egoera hori. Halere, litekeena da zuk aipatutako beste hizkuntza horiek guaraniaren mehatxua sentitzea, guaraniak aldi berean kolonizatu eta kolonizatzaile gisa jokatuz.

    Jurdana, Israeli eta hebreerari buruz egin ditudan aipamenak oso azalekoak izan dira, eta eskertzen da pixkat gehiago sakondu izana. Erlijioarena gakoa da hebreeraren suspertzea ulertzeko, bai.

    Milesker!

    ErantzunEzabatu