2013(e)ko maiatzaren 6(a), astelehena

EN FRANÇAIS AUSSI? (I)

Hego Euskal Herriko atzerriko hizkuntza ingelesa bilakatu zen aspalditxo, frantsesaren kaltetan. Gurasoek argi dute ingelesa oso garrantzitsua dela euren seme-alabentzat, eta eskaera horrek ingelesa ikasten hasteko adina aitzintzea eragin du. 4 urterekin hobeto, 8rekin baino. 2rekin hasten badira are hobeto, horrek ematen dituen emaitzen jakitun izan gabe.

Frantsesa erabat ahaztu dugula dirudien honetan, bada hegoaldean frantsesari leku ematearen alde dagoenik. EHUko katedradun eta Unesco Hizkuntza Katedrako koordinatzaile Itziar Idiazabalek zeharka aipatu zuen Hamaika Telebistan, Nazioarteko Ama-Hizkuntzen Egunaren harira, hegoaldean frantsesa ikasteko premia (14:45etik aurrera).

Ruiz Bikandik ¿Trilingües a los 4 años? (2002) liburuan ingelesaz gain frantsesa ere irakasteko hainbat argudio zerrendatzen ditu:
  • Kulturala: frantsesaren irakaskuntzak tradizio handia du hego Euskal Herrian, emaitza onak erdietsiz.
  • Geografikoa: ondo-ondoan dugu Frantzia, eta oso erabilgarria izan dakiguke euren hizkuntza nagusia ikastea.
  • Nazionala: bi aldeetako euskal herritarron harremanak sendotzeko balio lezake, azken finean, iparraldeko biztanleen gehiengoa frantses elebakarra baita.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradun Juan Carlos Moreno Cabrerak, beti bezain probokatzaile, espainiar estatuan ingelesaren erabilgarritasuna ezbaian jartzen du hitzaldi batean. Haren arabera, ez du zentzurik eskoletan ingelesa irakasteak, gaztelania hiztunontzat hizkuntza zaila izateaz gain, gutxi batzuek soilik beharko dutelako etorkizunean. Beraz, lana lortzeko benetan erabilgarri izango zaizkigun hizkuntzak ikastea aldarrikatzen du: euskara, zeina Espainiako langileentzat ingelesa baino erabilgarriagotzat duen, eta batez ere galiziera eta katalana. Era berean, atzerriko hizkuntzak ikastekotan, hizkuntza erromantzeen aldeko apustua egingo luke Moreno Cabrerak. Beste behin, frantsesa izango litzateke protagonista hemen.

Flandrian, adibidez, frantsesa da lehenengo atzerriko hizkuntza, eta ingelesa bigarrena, flandrierakiko distantzia tipologikoa dela-eta. Horrela, bi hizkuntzotan ezagutza orekatua lortzea dute helburu, jakinik frantsesarekin ahalegin handiagoak egin beharko dituztela. Hemen antzeko zerbait plantea liteke, hizkuntza-tipologia kontua hartuta.

Frantsesaren auzia presente dago, eta horren erakusgarri EHUko Uda Ikastaroetan Ikastolen Elkarteko Itziar Elorzak zuzendutako ikastaroa. Propaganda guztiz desinteresatua da hau, baina hantxe izango naiz ni, eta ea bertan entzundakoak bigarren zati bat idaztera animatzen nauen!

2 iruzkin:

  1. Artikulu interesgarria, berriz ere; pentsarazten dizuten horietakoa. Zein sistema izango litzateke egokiena Euskal Herrian? Ingelesa mundura ateratzeko hizkuntza dela dirudi, gaztelera menperatzen dugu eta frantsesarekin tripako min dezente izaten ditugu, gertutasun geolinguistikoa hor badugu ere.

    Ez da erraza sistema bat hala beste erabakitzea, zein hizkuntza irakatsi erabakitzea edota bakoitzari zein lehentasun eman jakitea. Flandriako kasuaren berririk ez nuen eta interesgarria da atzerriko hizkuntzekin hartu duten jarrera. Euskal Herrian positiboa izango al litzateke halakorik egitea?

    Moreno Cabreraren bideoa ikusita, behintzat, inondik inora ez. Berak esandakoa bideoaren izenburuak laburtzen du: "el inglés no es útil". Kuriosoa da hizkuntza baten erabilgarritasuna baloratzea gizon honek. Ez dakit inoiz esan daitekeen hizkuntza bat ez dela erabilgarria. Norberaren kontestuaren arabera du erabilgarritasuna hizkuntza batek, dudarik gabe. Badirudi hizkuntza bat lan mundura begira besterik ez dugula ikasi behar, gainera.

    Hizkuntza bat bestea baino "esker onekoagoa" dela esateak ere badu bere grazia. Bere hitzetatik ondorioztatu dut, baita ere, hizkuntza "errazetara" jo behar dugula, berauek ikasteko esfortzua askoz txikiagoa izango delako. Zer pentsatua ematen dit horrek ere...

    ErantzunEzabatu
  2. Bada, auzia hor dago. Ikusiko dugu zer mugimendu ematen den aurrerantzean, baina zaila dirudi ingelesaren erabateko posizio hegemonikoan beste ezein hizkuntzari leku emateak.

    Moreno Cabrera tipo berezia da. Madrildarra berau, estatuko hizkuntzen ezagutza orokortzea defendatzen du sutsuki, merezi duten errekonozimendua exijituz. Gaztelania hiztunontzat katalana eta galiziera hizkuntza nolabait errazak direnez, hauek ikasteari lehentasuna ematen dio. Euskaraz hitz egiten ere entzun dut, eta ondo moldatzen da. Ingelesari dagokionez, nik uste dut gizarteak ingelesa ikastearekin daukan obsesioari galga jartzearren hartzen duela jarrera hori, eta ez benetan tesi horretan sinisten duelako.

    Eskerrik asko iruzkinarengatik, beste behin :-)

    ErantzunEzabatu