2014(e)ko martxoaren 27(a), osteguna

Euskara eta politikarien erabakiak (edo erabaki politikoak)


Politikariek hartutako erabakiek gutxi behar dute polemikotik, sekulako iskanbila sortzeko. Euskararen gainean izandako hainbat jarrerak hautsak harrotu ditu azkenaldi honetan. Antxeta Irratian aspaldiko partez egindako kronikan horietako batzuk aipatzen ditut.

 Lehenik, sarrera gisa, Azkunaren euskaltzaletasun zalantzazkoa aipatzen dut, zendu zenetik denbora pixkat pasa dela probestuz. Ondoren, EAJk eta EHBilduk Eusko Legebiltzarrean hartu berri duten erabakia dut hizpide, batez ere bigarrenak jasotako kritikak direla-eta. Urte hasieran Nafarroan gertatutako beste pasadizo batekin lotzen dut hori, alderdi abertzaleen zatiketa ekarri zuena. Amaitzeko, politika (ia) alde batera utziz, Irungo eskola publiko batek gaur egun duen eztabaida ekartzen dut hona, adostasunik sortzen ez duen beste gai bat ukituz.


http://antxetamedia.info/recordings/interviews/euskararen-inguruan-hartutako-hainbat-erabaki-bena/






2013(e)ko abenduaren 30(a), astelehena

Erroterdam'tar Erasmus

Duela aste batzuk denon ahotan -edo belarrietan, behintzat- egon zen Erasmus programa, Wert ministroaren neurriak, zuzenketak, gezurrak eta erridukuluak izan zirela-medio. Europa osora hedatzen den truke-programa honen arrakasta eztabaidaezina da, urte gutxi batzutan gora egin baitu etengabe, eta iaz 200.000 gazte europarrek hartu zuten parte.

Europan, hizkuntza-aniztasun urriena duen kontinentea den arren, 200dik gora hizkuntza daude, eta Erasmus ikasle guztiek ez dituzte xede-herrialdeko hizkuntzak beti ikasten. Egoera ezberdin asko eman daitezke, eta zaila da horien guztien erretratu zehatza eskaintzea, baina gai honen gainean jardun nuen ahal bezala Antxeta Irratian, Aitziber Zapirainen laguntzarekin.

AUDIOA

Bukaeran EHUn zentratu nahi izan nuen, baina denborarik gabe geratu nintzen. Interesgarria iruditzen zitzaidan aipatzea Euskal Herriko unibertsitate nagusiak zer eskaintzen zien Erasmus ikasleei, euskara eta gaztelania ikasteari dagokionez. Webgunean arakatuz gero, ondorioa argia da: gaztelania ikastaroen eskaintza nahiko zabala da hiru kanpus nagusietan, eta euskararena sinbolikoa izatetik ez da pasatzen, oinarrizko maila bakarrik eskaintzen baitu. Alde batetik, EHUk paper garrantzitsua du euskararen ikusgarritasuna indartzen eta, urtero hainbeste atzerritar gazte jasota,  probestu beharreko aukera dirudi. Bestetik, errealismoz begiratu behar zaio afera honi, eta konplikatua dirudi hona datozen ikasleek gaztelerari baino garrantzi handiagoa ematea euskarari.

2013(e)ko azaroaren 11(a), astelehena

India, Hindia eta abar



Indiako egoera sozilinguistikoa zirraragarria da. Munduko herrialderik anitzenetakoa da, zalantzarik gabe,Ethnologue webgunearen arabera, 447 hizkuntza bizi mintzatzen dira herrialde osoan zehar. Estatus aldetik ez daude maila berean hizkuntza guztiok: hindia eta ingelesa eremu osoan dira ofizial, hainbat erabaki polemiko eta gero. Beste 22 hizkuntzak ere estatus ofiziala dute estatuaren arabera (28 estatuk osatzen dute India). Gainerako 400dik gora hizkuntzek ez dute aitorpen ofizialik, nahiz eta milioika hiztun izan.
 hizkuntzei dagokienez.

Indian eman dugu bost lagunek hilabete, eta han bizitako esperientziarekin uztartuz, bertako errealitate soziolinguistikoari azaleko begiradatxo bat emateko probextu nuen Antxeta Irratian Aitorrek egindako elkarrizketa, eta Blog-era ekarri:


http://antxetamedia.info/recordings/interviews/india-kulturanitza-benat-muguruza/

2013(e)ko abuztuaren 28(a), asteazkena

LA COMUNICACIÓN JIBARIZADA

 LA COMUNICACIÓN JIBARIZADA

Pascual Serrano kazetari eta idazlearen La comunicación jibarizada irakurri ostean, liburuko hainbat kontu blogerako interesgarriak izan zitezkeela otu zitzaidan. Serranok egunerokotasun handia duten hainbat kontu jorratzen ditu liburu honetan, gehienak gogor kritikatuz: komunikabideen komunikazio-bide berriak, internetek ekarriko gain-informazioa, teknologia eta ikus-entzunezkoekiko miresmen itsua, sare sozialak, Google, Wikipedia, 15M mugimendua, eta abar luze bat. Blog honetan hizkuntzen gainean idaztea dudanez xede, gai hau hartuko dut hizpide.

Lehenik eta behin, RAEren hiztegian topatuko ez badugu ere, jibarizado izenondoak “oinarrizkoenera murriztea” esan nahi du nolabait. Eta internetek ba omen du gure hitz egiteko, entzuteko, idazteko nahiz irakurtzeko modua aldatzeko boterea: gure hiztegia zabaldu edo murriztu dezake, hitzen ordenaren arauak moldatu, edo gure sintaxia sinpleagoa edo konplexuagoa bilakatu.

Interneteko laburtasunera ohitu gara, eta euskarri guztietara zabaltzen ari, liburua barne, zeinak ez lukeen espazio laburraren diktaduraren menpe egon beharko. Honen ondorioa, testu luzeak ez irakurtzea ez interneten, ez pantailaren aurrean, baina ezta paperezko prentsan edo liburuetan ere. Horrek dakarren arazoa kuantitatiboa izateaz gain kualitatiboa ere ba omen da. Izan ere, gero eta nekarriagoa egiten zaigu argumentu luzez hornitutako testuak irakurtzea, landuak, sakonak, eta sinplikazio txuri-beltzak beharrean ñabardura ugari eskaintzen dizkigutenak.

Komunikabideei dagokioenez, “irudiak, irudiak, irudiak” omen da arrakasta erdiesteko jarraitu beharreko mantra, Max Otteren arabera. Informazioaren teknologian berrikuntza bakoitzak hitzaren atzerakada omen dakar derrigorrean eta, Serranoren ustez, “no hay afirmación más errónea y estúpida que la de que una imagen vale más que mil palabras”. Zentzu honetan, autoreak Frank Frommer-ek PowerPoint-ari egindako kritika dakar liburura. Euskarri honen bidez, testu argudiatu eta arrazoitua desagertu egiten da, bullet delako mezu laburren ordez. Frommer-en ustez, diskurtsoari, hitzei, sintaxiari edota hiztegiari ez zaie garrantzi handirik ematen, eta bai ordea tipografiaren hautuari, irakurketaren hierarkiari, gezien zentzuari, koadroen formatoari...Alegia, forma lehenesten da edukiaren aurrean.

Pascual Serrano segur aski ez legoke pozik blogarekin, behin eta berriro kritikatzen baititu gune honetan hain arruntak diren hiperestekak, Wikipediaren erabilera, irudiekiko menpekotasuna, testuen laburtasuna...eta, batez ere, interneten edonork hartzen duela autoritate osoz edozein gairi buruz hitz egiteko askatasuna. Halakoak egiteko aspaldi asmatu omen ziren tabernetako barra-atzeko eztabaidak.

2013(e)ko uztailaren 10(a), asteazkena

Elkarrizketa Antxetan

Antxeta Irratian elkarrizketa egin zidaten joan den astean, Eskozian ikusitakoari buruz hitz egin nezan. Blogerako egokia izan daitekeelakoan, hona ekarri dut.

http://antxetamedia.info/recordings/interviews/benat-muguruza-ingeles-filologian-lizentziatua-da-/


Eskerrik asko Antxeta Irratiari gonbidapenarengatik!

2013(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

EUSKARARA ITZULIZ
Hizkuntza txikietako hiztunok eskertu egiten dugu seinale, kartel, etiketa, eta abarretan, hizkuntza nagusiaz gain geureari ere leku ematea. Beharrezkoa ez den lekuetan hizkuntza txikia soilik erabiltzeak ere ez dirudi gehiegi eskatzea. Esate baterako, errepideko seinale batean “Aireportua” idatzi eta hegazkinaren ikurraz laguntzeak nahikoa eta sobera behar luke edozein erdaldun nahiz atzerritar bidean ez galtzeko.
Halako kasuetara ohituegi ez gaudenez, euskarara itzultzea eta testu elebidunak aurkitzea eskertzen dugu euskaldunok. Gehien-gehienetan, gauza bat dela bestea dela, jatorrizko testua erdaraz idazten da, eta ondoren euskarara itzuli. Arazoa hemen dator, askotan jatorrizkoa hitz-jokoa izaten delako, edo errima dotoreren bat duelako, eta ezin maila bereko itzulpena egin.
Ez dira gutxi “lost in translation” naturalarengatik beharrean, erabateko utzikeria dela-medio lortutako emaitza baldresak. Hain dira ohikoak itzulpen txarrak, ezen desagertu berri den Mihiluze-k bere “Zazpikiak” atala eskaintzen baitzien halakoei. Ospitale bateko 4. solairuan aurkitu omen zuten “4. landarea” kartela litzateke adibiderik klasikoenetako bat.
Dena den, ondo egiten denean ere aitortu beharra dagoenez, Bilboko TAO makinetan itsatsitako eranskinak ekarri nahi nituzke hona, euren bi bertsioetan. Lehenengoz ikusi nituenean, pentsatu nuen sekulako itzulpena zela. Hurrengo batean, baikorrago nengoela-eta, euskarazko bertsioa are hobea izan zitekeela iruditu zitzaidan. Duela gutxi, aspaldiko partez eguzkia atera zelako beharbada, aintzat hartu nuen jatorrizkoa euskarazkoa izateko aukera. Ba ote daiteke?

2013(e)ko maiatzaren 6(a), astelehena

EN FRANÇAIS AUSSI? (I)

Hego Euskal Herriko atzerriko hizkuntza ingelesa bilakatu zen aspalditxo, frantsesaren kaltetan. Gurasoek argi dute ingelesa oso garrantzitsua dela euren seme-alabentzat, eta eskaera horrek ingelesa ikasten hasteko adina aitzintzea eragin du. 4 urterekin hobeto, 8rekin baino. 2rekin hasten badira are hobeto, horrek ematen dituen emaitzen jakitun izan gabe.

Frantsesa erabat ahaztu dugula dirudien honetan, bada hegoaldean frantsesari leku ematearen alde dagoenik. EHUko katedradun eta Unesco Hizkuntza Katedrako koordinatzaile Itziar Idiazabalek zeharka aipatu zuen Hamaika Telebistan, Nazioarteko Ama-Hizkuntzen Egunaren harira, hegoaldean frantsesa ikasteko premia (14:45etik aurrera).

Ruiz Bikandik ¿Trilingües a los 4 años? (2002) liburuan ingelesaz gain frantsesa ere irakasteko hainbat argudio zerrendatzen ditu:
  • Kulturala: frantsesaren irakaskuntzak tradizio handia du hego Euskal Herrian, emaitza onak erdietsiz.
  • Geografikoa: ondo-ondoan dugu Frantzia, eta oso erabilgarria izan dakiguke euren hizkuntza nagusia ikastea.
  • Nazionala: bi aldeetako euskal herritarron harremanak sendotzeko balio lezake, azken finean, iparraldeko biztanleen gehiengoa frantses elebakarra baita.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradun Juan Carlos Moreno Cabrerak, beti bezain probokatzaile, espainiar estatuan ingelesaren erabilgarritasuna ezbaian jartzen du hitzaldi batean. Haren arabera, ez du zentzurik eskoletan ingelesa irakasteak, gaztelania hiztunontzat hizkuntza zaila izateaz gain, gutxi batzuek soilik beharko dutelako etorkizunean. Beraz, lana lortzeko benetan erabilgarri izango zaizkigun hizkuntzak ikastea aldarrikatzen du: euskara, zeina Espainiako langileentzat ingelesa baino erabilgarriagotzat duen, eta batez ere galiziera eta katalana. Era berean, atzerriko hizkuntzak ikastekotan, hizkuntza erromantzeen aldeko apustua egingo luke Moreno Cabrerak. Beste behin, frantsesa izango litzateke protagonista hemen.

Flandrian, adibidez, frantsesa da lehenengo atzerriko hizkuntza, eta ingelesa bigarrena, flandrierakiko distantzia tipologikoa dela-eta. Horrela, bi hizkuntzotan ezagutza orekatua lortzea dute helburu, jakinik frantsesarekin ahalegin handiagoak egin beharko dituztela. Hemen antzeko zerbait plantea liteke, hizkuntza-tipologia kontua hartuta.

Frantsesaren auzia presente dago, eta horren erakusgarri EHUko Uda Ikastaroetan Ikastolen Elkarteko Itziar Elorzak zuzendutako ikastaroa. Propaganda guztiz desinteresatua da hau, baina hantxe izango naiz ni, eta ea bertan entzundakoak bigarren zati bat idaztera animatzen nauen!