2013(e)ko abuztuaren 28(a), asteazkena

LA COMUNICACIÓN JIBARIZADA

 LA COMUNICACIÓN JIBARIZADA

Pascual Serrano kazetari eta idazlearen La comunicación jibarizada irakurri ostean, liburuko hainbat kontu blogerako interesgarriak izan zitezkeela otu zitzaidan. Serranok egunerokotasun handia duten hainbat kontu jorratzen ditu liburu honetan, gehienak gogor kritikatuz: komunikabideen komunikazio-bide berriak, internetek ekarriko gain-informazioa, teknologia eta ikus-entzunezkoekiko miresmen itsua, sare sozialak, Google, Wikipedia, 15M mugimendua, eta abar luze bat. Blog honetan hizkuntzen gainean idaztea dudanez xede, gai hau hartuko dut hizpide.

Lehenik eta behin, RAEren hiztegian topatuko ez badugu ere, jibarizado izenondoak “oinarrizkoenera murriztea” esan nahi du nolabait. Eta internetek ba omen du gure hitz egiteko, entzuteko, idazteko nahiz irakurtzeko modua aldatzeko boterea: gure hiztegia zabaldu edo murriztu dezake, hitzen ordenaren arauak moldatu, edo gure sintaxia sinpleagoa edo konplexuagoa bilakatu.

Interneteko laburtasunera ohitu gara, eta euskarri guztietara zabaltzen ari, liburua barne, zeinak ez lukeen espazio laburraren diktaduraren menpe egon beharko. Honen ondorioa, testu luzeak ez irakurtzea ez interneten, ez pantailaren aurrean, baina ezta paperezko prentsan edo liburuetan ere. Horrek dakarren arazoa kuantitatiboa izateaz gain kualitatiboa ere ba omen da. Izan ere, gero eta nekarriagoa egiten zaigu argumentu luzez hornitutako testuak irakurtzea, landuak, sakonak, eta sinplikazio txuri-beltzak beharrean ñabardura ugari eskaintzen dizkigutenak.

Komunikabideei dagokioenez, “irudiak, irudiak, irudiak” omen da arrakasta erdiesteko jarraitu beharreko mantra, Max Otteren arabera. Informazioaren teknologian berrikuntza bakoitzak hitzaren atzerakada omen dakar derrigorrean eta, Serranoren ustez, “no hay afirmación más errónea y estúpida que la de que una imagen vale más que mil palabras”. Zentzu honetan, autoreak Frank Frommer-ek PowerPoint-ari egindako kritika dakar liburura. Euskarri honen bidez, testu argudiatu eta arrazoitua desagertu egiten da, bullet delako mezu laburren ordez. Frommer-en ustez, diskurtsoari, hitzei, sintaxiari edota hiztegiari ez zaie garrantzi handirik ematen, eta bai ordea tipografiaren hautuari, irakurketaren hierarkiari, gezien zentzuari, koadroen formatoari...Alegia, forma lehenesten da edukiaren aurrean.

Pascual Serrano segur aski ez legoke pozik blogarekin, behin eta berriro kritikatzen baititu gune honetan hain arruntak diren hiperestekak, Wikipediaren erabilera, irudiekiko menpekotasuna, testuen laburtasuna...eta, batez ere, interneten edonork hartzen duela autoritate osoz edozein gairi buruz hitz egiteko askatasuna. Halakoak egiteko aspaldi asmatu omen ziren tabernetako barra-atzeko eztabaidak.