2013(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

EUSKARARA ITZULIZ
Hizkuntza txikietako hiztunok eskertu egiten dugu seinale, kartel, etiketa, eta abarretan, hizkuntza nagusiaz gain geureari ere leku ematea. Beharrezkoa ez den lekuetan hizkuntza txikia soilik erabiltzeak ere ez dirudi gehiegi eskatzea. Esate baterako, errepideko seinale batean “Aireportua” idatzi eta hegazkinaren ikurraz laguntzeak nahikoa eta sobera behar luke edozein erdaldun nahiz atzerritar bidean ez galtzeko.
Halako kasuetara ohituegi ez gaudenez, euskarara itzultzea eta testu elebidunak aurkitzea eskertzen dugu euskaldunok. Gehien-gehienetan, gauza bat dela bestea dela, jatorrizko testua erdaraz idazten da, eta ondoren euskarara itzuli. Arazoa hemen dator, askotan jatorrizkoa hitz-jokoa izaten delako, edo errima dotoreren bat duelako, eta ezin maila bereko itzulpena egin.
Ez dira gutxi “lost in translation” naturalarengatik beharrean, erabateko utzikeria dela-medio lortutako emaitza baldresak. Hain dira ohikoak itzulpen txarrak, ezen desagertu berri den Mihiluze-k bere “Zazpikiak” atala eskaintzen baitzien halakoei. Ospitale bateko 4. solairuan aurkitu omen zuten “4. landarea” kartela litzateke adibiderik klasikoenetako bat.
Dena den, ondo egiten denean ere aitortu beharra dagoenez, Bilboko TAO makinetan itsatsitako eranskinak ekarri nahi nituzke hona, euren bi bertsioetan. Lehenengoz ikusi nituenean, pentsatu nuen sekulako itzulpena zela. Hurrengo batean, baikorrago nengoela-eta, euskarazko bertsioa are hobea izan zitekeela iruditu zitzaidan. Duela gutxi, aspaldiko partez eguzkia atera zelako beharbada, aintzat hartu nuen jatorrizkoa euskarazkoa izateko aukera. Ba ote daiteke?