2013(e)ko maiatzaren 6(a), astelehena

EN FRANÇAIS AUSSI? (I)

Hego Euskal Herriko atzerriko hizkuntza ingelesa bilakatu zen aspalditxo, frantsesaren kaltetan. Gurasoek argi dute ingelesa oso garrantzitsua dela euren seme-alabentzat, eta eskaera horrek ingelesa ikasten hasteko adina aitzintzea eragin du. 4 urterekin hobeto, 8rekin baino. 2rekin hasten badira are hobeto, horrek ematen dituen emaitzen jakitun izan gabe.

Frantsesa erabat ahaztu dugula dirudien honetan, bada hegoaldean frantsesari leku ematearen alde dagoenik. EHUko katedradun eta Unesco Hizkuntza Katedrako koordinatzaile Itziar Idiazabalek zeharka aipatu zuen Hamaika Telebistan, Nazioarteko Ama-Hizkuntzen Egunaren harira, hegoaldean frantsesa ikasteko premia (14:45etik aurrera).

Ruiz Bikandik ¿Trilingües a los 4 años? (2002) liburuan ingelesaz gain frantsesa ere irakasteko hainbat argudio zerrendatzen ditu:
  • Kulturala: frantsesaren irakaskuntzak tradizio handia du hego Euskal Herrian, emaitza onak erdietsiz.
  • Geografikoa: ondo-ondoan dugu Frantzia, eta oso erabilgarria izan dakiguke euren hizkuntza nagusia ikastea.
  • Nazionala: bi aldeetako euskal herritarron harremanak sendotzeko balio lezake, azken finean, iparraldeko biztanleen gehiengoa frantses elebakarra baita.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradun Juan Carlos Moreno Cabrerak, beti bezain probokatzaile, espainiar estatuan ingelesaren erabilgarritasuna ezbaian jartzen du hitzaldi batean. Haren arabera, ez du zentzurik eskoletan ingelesa irakasteak, gaztelania hiztunontzat hizkuntza zaila izateaz gain, gutxi batzuek soilik beharko dutelako etorkizunean. Beraz, lana lortzeko benetan erabilgarri izango zaizkigun hizkuntzak ikastea aldarrikatzen du: euskara, zeina Espainiako langileentzat ingelesa baino erabilgarriagotzat duen, eta batez ere galiziera eta katalana. Era berean, atzerriko hizkuntzak ikastekotan, hizkuntza erromantzeen aldeko apustua egingo luke Moreno Cabrerak. Beste behin, frantsesa izango litzateke protagonista hemen.

Flandrian, adibidez, frantsesa da lehenengo atzerriko hizkuntza, eta ingelesa bigarrena, flandrierakiko distantzia tipologikoa dela-eta. Horrela, bi hizkuntzotan ezagutza orekatua lortzea dute helburu, jakinik frantsesarekin ahalegin handiagoak egin beharko dituztela. Hemen antzeko zerbait plantea liteke, hizkuntza-tipologia kontua hartuta.

Frantsesaren auzia presente dago, eta horren erakusgarri EHUko Uda Ikastaroetan Ikastolen Elkarteko Itziar Elorzak zuzendutako ikastaroa. Propaganda guztiz desinteresatua da hau, baina hantxe izango naiz ni, eta ea bertan entzundakoak bigarren zati bat idaztera animatzen nauen!