2013(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

EUSKAL HERRIAN, EUSKARAZ; ETA ESKOZIAN?


Eskozian gertatzen den oro arretaz jarraitzen dugu azken aldian, datorren urtean izango duten erreferenduma dela-eta. Duela gutxi ezarri dute galdeketarako data, eta euskaldunontzat bereziki esanguratsua izan daiteke emaitza, gurean ekar litzakeen ondorioengatik.

Jakina da estatu propioa duen hizkuntzak bizirauteko aukera handiagoak izango dituela. Joshua Fishmanek berak, Reversing Language Shift (1991) liburu ospetsuan proposatzen duen belaunez belauneko ezlokatze mailan, hizkuntza gutxitu baten egoera posiblerik onena deskribatzen duen mailak ohar bat dakar amaieran: independentzia politikoak ematen duen segurtasun handiagorik izan gabe.

Historiak adibide kontrajarriak utzi dizkigu. Irlandak ez du lortu, 1921ean independentzia eskuratu zuenetik, irlandera edo Irlandako gaelikoa nahi adina biziberritzerik. Israelek, ostera, 60 urtetan lortu du hebreera hizkuntza hila izatetik populazioaren %95en hizkuntza izatera pasatzea.

Eskoziako hizkuntza-egoera konplexua da oso. Ingelesa, eskoziera eta gaelikoa hitz egiten dira. Ingelesa biztanle gehien-gehienek menperatzen dute, eta bertako hizkuntza nagusia da, zalantzarik gabe. Eskoziera (Scots, ingelesez) ingelesetik oso gertu dagoen hizkuntza da, eta milioi eta erdi lagunek darabilte. Hizkuntza eta dialektoaren arteko muga labainkorra dela-medio, asko dira eskoziera ingelesaren dialektotzat dutenak. Gaelikoaren egoera da larriena, Eskoziako hizkuntza nagusi izatetik 60.000 hiztun eskas izatera pasa baita azken mendeotan. Motibo nabarmenagoak daudela argi dagoen arren, aditu askok egin duten irakurketaren arabera, ez du batere laguntzen nazioaren eta hizkuntzaren izena ezberdina izateak. Alegia, irlandar batek harro esan dezakeela “irlandarra naizenez, irlanderaz hitz egiten dut”. Eskoziako gaeliko hiztunak nekez formula dezake halakorik.
Gure inguruan adibide argiak ditugu. Amurizak idatzi eta Oskorrik abestutako Euskal Herrian Euskarazkantaren bukaera, kasu: “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena”. Medemen La Pelota Vascan agertzen den film bateko eszena batean (0:25:40) espainiar hiztunek harrotasun berbera adieraz dezaketela ikus daiteke. Irakasleak ikasleei:

-Ésta es una escuela española, aquí sólo se habla español; el vasco está prohibido, ¡porque vosotros sois españoles!

Ñabardura bat besterik izan ez daitekeen arren, nolabaiteko zentzua ematen dio lurraldearen eta hizkuntzaren arteko loturari. Benetan izan al dezake halako garrantziarik? Beste behin Irlandako eta Israelgo adibideak ekar ditzakegu gogora, eta erabat desegingo litzateke ideia hau. Gaeliko hiztunek argi dutena zera da, erreferendumean baiezkoa aterata ere, euren hizkuntzaren egoerak ez lukeela gehiegi egingo hobera.