2013(e)ko martxoaren 11(a), astelehena

ARRUE Proiektuaren interpretazioak

Duela hilabete pasatxo aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, Hezkuntza Saila eta ISEIrekin batera,  Arrue Proiektuak emandako datuak. Oso datu esanguratsuak, interpretaziorako bidea zabalik uzten dutenak. Xavier Vila hizkuntzalari katalanak, esaterako, Berriari aitortu zion Arrue proiektuak ateratako hainbat ondoriorekin ez datorrela bat, ikasgela barruko eta jolastokiko euskararen erabileraren arteko harremanari dagokionean batik bat.

Berria egunkariak berak egin duen interpretazioa nahiko ezkorra da, Klusterreko kide Pablo Suberbiolak egindakoaren aldean. Berriak behin eta berriro aipatu du eskolak euskalduntzen dituen gazteak gizarteak erdalduntzen dituela. Baieztapen nahasgarria izan daiteke, aditzera eman bailezake haurrek euren hizkuntza naturaltzat hartu dutela euskara lehen hezkuntzan, eta gizartearen eraginez itzuli direla espainolez hitz egitera. Iruñeako Amaiur Ikastolako zuzendari Pello Egurenen hitzetan, ordea, "euskaraz hitz egitera behartzen ditugula ikusten dute, eta nerabezaroko iraultzan obligazioetatik ihes egiten dute". Lehen hezkuntzan behartuta daudelako hitz egiten dutela iradokitzen digute hitz hauek, baina adin batetik aurrera erosoen darabilten hizkuntzara pasatzen direla. Izan ere, arrazoizkoa dirudi gazte batek gutxien kostatzen zaion hizkuntzara jotzea. Aparteko motibazioa beharko du euskaraz jarduteko, euskarazko erreferenteak kasu. Suberbiolak jolastokian erdaraz egiteko joeraren gainean honakoa galdetzen du:

"Nola ikusten dituzte beren futboleko ereduak? Erdaraz egiten dute jolaslekuan. Logikoa litzateke bestela egitea? Soziolinguistikoki beste zerbait espero dugu?"

Eskolaz kanpo ikusten dutena nagusiki gaztelera (gero eta gehiago ingelesa?) izanda, dela telebista, direla komunikabideak, direla euren gurasoak, zergatik egin beharko lukete euskaraz gazteek?  Zerk erakarri beharko lituzke? Militantziak? Nekez exijitu dakioke gazteen zati handienari militantzia hutsagatik hizkuntza-ohiturak errotik aldatzea. Eta ez gazteak direlako. 

Suberbiolak salatzen du gabezietan jartzen dugula arreta handiena, eta arrazoi duelakoan nago, argudiatzen duenean "plus" hori nola sortzen den ikusi beharko genukeela; alegia, familia erdaldunetatik datozen gazteek zergatik jotzen dute euskarara ikasgelatik kanpo. Joera hau behatzean egon daiteke gakoetako bat.


4 iruzkin:

  1. Berrian agertzen zen artikulu laburra irakurri dut eta grafikoak harrigarriak dira: adinean gora egitean, portzentaiek buelta ematen dute guztiz.

    "Gelan baino eremu zabalagoa du gaztelaniak jolastokian". Euskara obligaziorako eta gaztelania aisialdirako hizkuntza bihurtu direla esan nahi du honek? Haurrek eta nerabeek ez dute lotzen euskara jolasteko, ongi pasatzeko eta ikasgela kanpoko egoerekin?

    ErantzunEzabatu
  2. Euskara eskolan bakarrik baldin badute, normala da hizkuntza dibertigarri modura ez ikustea, ez?

    Modako soziolinguista Kike Amonarrizek dioen bezala, gurasoek lortu behar dute seme-alabek gustuko duten jardueraren bat gutxienez (dantza, pintura, gitarra, futbola...) euskaraz egitea, euskararekin goza dezaten. Eskolak nekez lor dezake hori eta, gainera, ez dakit zenbateraino exijitu diezaiokegun eskolari rol hori.

    ErantzunEzabatu
  3. Eskolako lehenengo urteetan jolasarekin lotuko dute euskara haurrek, halaxe ikasten baitute beraien lehenengo urteetan. Gero, nerabezarora heltzean, eskolak beste exijentzia batzuk dauzka eta orduan hasiko dira hizkuntza obligazioarekin lotuz, seguraski.

    Amonarrizen iritzia ona da, gustura egiten duzuna ez da obligazio bihurtzen azkenean. Garrantzitsua da hizkuntza oztopo ez bihurtzea jarduera horietan.

    Dena den, zein puntutaraino eta nola bideratu daitezke ikasleak ikasgela barruan eta kanpoan euskaraz goza eta ikas dezeten? Galdera oso irekia da eta zaila izango da erantzun bakar bat ematea, baino askotan pentsatu dudan zerbait da eta agian norbaitek izan dezake erantzunen bat...

    ErantzunEzabatu
  4. Nik batez ere esan nahi nuena zera zen, ez dugula harritu/larritu behar etxeko eta kaleko gaztelera duenak, D eredura joanagatik ere euskaraz egiteko ohiturarik hartzen ez duenean. Eskola ingeles eta alemanetara joaten direnek erabiltzen ahal dituzte, bada, hizkutza horiek eskolaz kanpo? Normalean ez, eta ez da inor harrituko.

    Eskolak gazteen hizkuntzak aldatzea lortzen badu sekulako lorpentzat hartu behar da, eta ez kontrakoa frakasotzat. Zuk planteatzen duzuna da galdera klabea, baina ez dut uste irtenbide magikorik dagoenik.

    Milesker!!

    ErantzunEzabatu